- Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile-taldeak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren garapen-faseak azaldu ditu, baita horren jasangarritasuna bermatzeko etorkizunean erabil daitezkeen irakaspen nagusiak ere
Bizkaian dagoen STEM talentuaren eskasiari erantzutea izan da “Bizkaia with the Talent” ekosistemaren sorrera bultzatu izanaren arrazoi nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, lurraldean talentu teknologikoa erakarri, garatu eta fidelizatzeko asmoz. Prozesua Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak aztertu eta dokumentatu du txosten batean, ekimenaren garapenaren faseak deskribatuz –Bizkaia Talent foru erakundearen laguntza ere izan du– eta horren jasangarritasuna bermatzeko etorkizunean erabil daitezkeen irakaspen nagusiak jasoz.
Txostena Sofia Zhukova, Juan Ganboa eta Edurne Magro kide dituen Orkestrako (Bizkaia with the talent ekimeneko ikertzaile-partnerra) ikertzaile-taldeak landu du, eta bertan azaldu denez, ekosistemaren eraikuntza Bizkaiko talentuaren egoerari buruzko diagnostiko batekin hasi zen. Hasierako azterketa horri esker, beharrak identifikatu eta lurraldeko erreferentziazko eragileak aurkitu ahal izan ziren. Ondoren, kontraste kualitatiboa egin zen eragile horiekin, erronka espezifikoak detektatzeko eta ekintza zehatzak definitzeko. Lan horren guztiaren ondorioz, konpromisoen dekalogoa egin zen, parte-hartzaileen arteko ikuspegi partekatua ezarriz, eta amaitzeko, baterako proiektuak garatzeko aukera eman duen elkarlanerako gobernantza-estrategia diseinatu zen.
Dokumentuak “Bizkaia with the talent” bezalako ekimenetan aurrera egiteko gidatzat erabil daitezkeen hainbat irakaspen ere jaso ditu. Garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoa da helburu argiak ezarri eta STEM talentuaren sustapen integralari buruzko baterako ikuspegia partekatzearen garrantzia. Gainera, talentua erakarri, prestatu eta atxitzerakoan nolabaiteko eragina izan dezaketen eragile estrategikoak izateko beharra azpimarratu du.
Era berean, programan emaitza esanguratsuak lortu ahal izateko, lankidetza sustatzeko moduko gobernantza-eredua garatzea funtsezkoa izan dela nabarmendu du, parte-hartzaileak motibatzeko moduko pizgarri argiak eskainiz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lidergo erraztatzaileaz baliatuz eragileen arteko orekari eusteko. Gainera, eragileekiko komunikazio irekia eta haien arteko interakziorako espazioen sorrera funtsezko faktoreak izan dira ekimenak arrakasta izan dezan.
19 proiektu
“Bizkaia with the Talent” ekosistemak 39 eragile aktibo ditu partaide, enpresak, unibertsitateak, klusterrak eta lanbide-heziketako zentroak barne hartuta, eta 19 lankidetza-proiektu abian ditu egun, lehentasunezko lau arlotan banatuta: sentsibilizazioa eta prestakuntza, gaitasun berrien garapena, profesionalak lurraldearekin lotzea, eta talentua erakartzea.
Orkestrak landutako txostena eskura dezakezu hemen.