-
Enpresek eskatutako STEM gaitasunen eta graduatu berrien eskaintzaren arteko aldea murrizten lagun dezaketen estrategia eraginkorrak garatzea da “Bizkaia with the talent” foru-ekimenaren barruan landutako ikerketa honen helburua.
Sektore estrategikoetan prestatutako profesionalen eskaria etengabe handituz doan egungo lan-testuinguruaren barruan, garrantzi handi-handikoa da lanari buruz gazteek dituzten ikuspegiak ulertzea, enpresek eskatutatu STEM gaitasunen eta profesional tituludun berrien eskaintzaren artean dagoen arrakalari aurre egiteko. Hori guztia zehatz-mehatz aztertzeko asmoz, Novia Salcedo Fundazioak, Bizkaiko beste erakunde batzuekin batera, egungo gazteek lan-munduari buruz dituzten motibazio eta itxaropenetan sakontzen duen ikerlana egin du, bereziki STEM gaitasunen inguruan.
Ikerketa Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako “Bizkaia with the talent” ekimenaren barruan landu da, eta gazteen lan-erabakietan eragiten duten faktoreak identifikatzea du helburu, enpresek eskatutako STEM gaitasunen eta graduatu berrien eskaintzaren arteko aldea murriz dezaketem estrategia eraginkorrak garatu ahal izateko.
Ikerketa egiteko, prozesu egituratu bat jarraitu da, eta honen hasieran, gazteak sakon elkarrizketatu dira, hauen motibazio indibidualak ulertzeko. Gero, aurkikuntza horiek focus group batzuetan eztabaidatu dira partekatutako patroiak identifikatzeko. Gainera, enpresek eta ikastetxeek ere parte hartu dute, haien beharrak ezagutzera emateko. Azkenik, azterketa STEM gaitasunak dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako inkesta kuantitatibo batekin osatu da.
Bokazioaren alde egitea
Prozesuari esker, gazteek lan-esparruan dituzten motibazioak ezagutzen lagun dezaketen ondorioak atera ahal izan dira. Adibidez, azterketaren arabera, % 61ek ikasketak bokazioz aukeratu ditu. Gainera, elkarrizketatutakoen % 92k ibilbide profesionala tokiko enpresa handi batean garatu nahi du, egonkortasuna lortu eta gizartearen gaineko inpaktu positiboa eragiteko.
Era berean, parte-hartzaileen % 70ek ibilbide profesionala beste zeregin batzuetarako astia emango dien lan batean garatu nahi du. Azkenik, behatokiak argi utzi du berrikuntzaren eta teknologia aurreratuen alde apustu egin duten enpresek interes handiagoa sorrarazten dutela.
Egoera honi heltzeko, txostenak enpresei zuzendutako hainbat gomendio jaso ditu: lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea sustatzen duten politikak ezartzea; gazte profesionalen integrazioa eta hazkundea errazteko ekimenak ezartzea, eta haien beharrak eta itxaropenak ulertzeko eta horiei erantzuteko komunikazio-bide eraginkorrak sortzea, besteak beste.
Txosten osoa eskura daiteke hemen.