“Bizkaia with the talent” Bizkaiko enpresa-ekosistema osoari zuzendutako sareko ekimena da, enpresen antolaketan talentua kudeatzeko estrategiak garatzeko helburua duena, jardun-eremu horretan duten heldutasun-maila zeinahi dela ere. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimen honek talentua erakarri, garatu eta fidelizatzeko beharrezkoak diren ezaguerak eta tresnak lortzeko beren-beregi diseinatutako programak eskaintzen ditu.
Hau da, ibilbide honen bitartez, Bizkaiko enpresek talentuaren kudeaketa hobetzen lagunduko dien ibilbide-orri argi eta egituratua eskura dezakete, haien beharretara eta garapen-mailara egokitutako aukerekin.
Jarraian zehaztu dugu zure erakundea pertsonen kudeaketan trebatzen laguntzeko programa eskuragarri guztiekin osasutako ibilbidea:
“Autodiagnostikorako tresna”, abiapuntua ezagutzeko
Edozein programatan parte hartu baino lehen, enpresek talentuaren kudeaketan duten heldutasun-maila ezagutzeko autodiagnostikoa egin dezakete. Tresna honi esker, beren indarguneak eta hobekuntza-arloak identifikatu ahal izango dituzte, haien beharretara ongien egokitzen den programa aukeratzeko.
“ETEentzako LABO-TALENTUA”: Talentua kudeatzeko lehenengo urratsak
Programa hau ETEetako zuzendari nagusiei eta talentuaren kudeaketaren arduradunei zuzenduta dago. Prestakuntza-saioak eta beste enpresa batzuen kasu arrakastatsuak eskaintzen ditu, eta ibilbide-orri pertsonalizatua diseinatzen laguntzen du, STEM talentua modu estrategikoan kudeatu eta lan-merkatuaren egungo erronkei aurre egiteko.
Noiz? Otsailetik martxora eta maiatzetik ekainera
“Employee Journey & Experience”: Enplegatuaren esperientzia hobetzea
Oinarrizko ezaguerak lortuta, enpresek beren langileen esperientziaren optimizazioan sakontzeko aukera dute. Programa honek tresna teoriko eta praktikoak eskaintzen ditu, enpresaren ziklo osoan gogobetetzea eta talentuaren atxikipena hobetzeko.
Noiz? Urrian
“ekinBarri”: Kulturari eta antolaketari dagokien eraldaketa
Talentuaren kudeaketan aurrera egiten jarraitzeko, enpresek antolamendu-kultura indar dezakete lan-ingurune berritzaile eta jasangarriagoak sustatzen dituen proiektu honen bitartez, enpresaren barruan pertsonen parte-hartzea, ongizatea eta garapena bultzatuz.
Noiz? Urtean zehar
“Talent Strategy”: Diseinu estrategikoa
Programa honek talentua erakartzeko estrategiak garatzen eta beren balio-proposamenak berrikusten laguntzen die enpresei, enplegu-sortzailetzat duten ospea indartuz.
Noiz? Otsailetik uztailera