- ‘Bizkaia with the talent’ programak Bizkaia Talentek, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Team Academyk sustatutako lau proiektu biltzen ditu, STEM ezaguerak dituzten nazioarteko profesionalen eta lurraldeko enpresa-ekosistemaren arteko lotura indartzeko.
Nazioarteko STEM talentua erakarri eta fidelizatzea da Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako “Bizkaia with the talent” programaren helburuetako bat. Xede hori betetzeko, ekimenak ezagutza zientifiko-teknologikoak dituzten nazioarteko profesionalen eta lurraldeko enpresa-ekosistemaren arteko lotura indartzeko diseinatutako lau proiektu estrategiko biltzen ditu.
Hori lortzeko funtsezko zutabeetako bat nazioarteko talentua erakartzea da, Latinoamerikatik datozen STEM profiletan arreta berezia jarriz. Testuinguru honetan, Bizkaia Talentek Euskal Herriko Unibertsitatearen zein Deustu eta Arrasateko unibertsitateen lankidetzaz koordinatutako Study & Work programak nazioarteko profil juniorrak erakartzea du helburu, Bizkaian campusa duten unibertsitateetako batean prestakuntza har dezaten. Ekimen honen bitartez, ikasleak lurraldeko enpresek eskatzen dituzten arlo teknikoetan espezializa daitezke, etorkizunean tokiko lan-merkatuan sartzea erraztuz.
Ildo beretik, Deustuko Unibertsitateak Deusto Emprenderen bitartez bultzatutako Deustu-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sareak Latinoamerikako STEM profesionalak identifikatu eta erakartzea du ardatz, proiektu disruptiboen garapena sustatuz eta ekintzailetza bultzatuz, lurraldeko erreferentziazko enpresetan berrikuntza eta teknologia arloen aktibazioa eta azelerazioa errazteko.
Bestalde, Mondragon Team Academy buru duen B Global Talent delakoak zubi-lana egiten du Bizkaiko erakunde liderren eta STEM profilak dituzten estatuko zein nazioarteko talentu gazteen artean. Ekimen honen bitartez, egiazko erronkak gainditzeko lankidetza sustatzen da lurraldeko enpresetan, sinergiak sortuz eta tokiko ekosistemaren lehiakortasuna indartuz.
Azkenik, nazioarteko talentuaren integrazioa errazteko, Bizkaia Talent Welcome to Bizkaia harrera-gida garatzen ari da, atzerriko profesionalei lurralderako iritsiera eta egokitzapenari buruzko orientabidea eskaintzen dien baliabide digitala. Gida honek, bertan finkatu eta profesionalki garatzeari buruzko informazio erabilgarria emateaz gain, nazioarteko talentua txertatzean kontuan hartu beharreko funtsezko baldintzak eta alderdiak ezagutzeko aukera ematen die Bizkaiko erakundeei.